Azkena Rock Festival - kulturaraba
Azkena Rock Festival

Azkena Rock Festival bere 20 urteak ospatzen ditu ekainaren 16, 17 eta 18 egunetan Mendizabalan, Gasteizen, eta aurtengo edizioa oso berezia izango da; izan ere, besteak beste, rockaren amabitxi Patti Smith izango dugu gure artean, itzal handiko beste izen batzuekin batera, hala nola The Offspring, The Afghan Whigs, Social Distortion, Emmylou Harris, Suzi Quatro, Fu Manchu, Drive-By Truckers, Jerry Cantrell, The Toy Dolls, Michael Monroe, Soziedad Alkoholika edo Morgan.
Urteurrena dela eta, aurten, jaialdiak egun bat gehiago izango du, osteguna, eta, gainera, bonus track bat gehitu diogu gaur: Trashville karpako programazioa; agertoki horretan izaten dira kontzertu bizi eta kañeroenak, eta kasu honetan, Cramps taldea gogorarazten duen munduko bandarik garrantzitsuena arituko da, Teenage Werewolves, baita Micky y Los Colosos del Ritmo nekaezinak eta Lord Diabolik retro-garage-punk bikotea ere. Baina aparteko eskaintza hori ez da hor bukatuko; ostiraleko zerrendan Surfbort sartu da, 2019ko edizioan kontzerturik basati eta gogoangarrienetako bat eman zuen taldea.
DJ sorta zabala ere izango dugu: Zombierella, Eneida Fever!, Tito Ramone, Runaway Lovers DJs, Alex Dbdb, Wendy Pelayo, Cheries Djs, Adrián vs. Santo eta Estrella Electrónica arituko dira diskoak jartzen gauetan, jaialdiko emanaldi bakoitza rock n’ roll onenarekin amaitzeko.
Eta, bien bitartean, agertokietatik kanpo ere izango da zer ikusia eta zer gozatua; izan ere, Mendizabalako zelaietan programazio berezia antolatuta dago: Wall of Death ikuskizun zirraragarria, ARFko ikus-entzuleak harri eta zur utzi izan dituen klasikoa, motorzale akrobatak horma bertikaletan gora ziztu bizian igotzen diren bitartean talde bat zilindroaren erdian zuzenean jotzen ikusteko aukera baitago. Ekintza gehiago ere izango da eta, aurten, lehen aldiz, autotxokeak egongo dira jaialdiaren esparrura; ekintza rock n' roll-aren erritmoan, oraindik iragarri gabeko ezustekoen aurrerapen modura.
ARF, Andra Maria Zuriaren plazan
Jendearekiko berrelkartze horretan, ezin zen ahaztu Andra Maria Zuriaren plazan egiten zen ohiko hitzordua, leku enblematikoa bera, non jaialdia hiriaren bihotzera hurbiltzen baita sarbide libreko kontzertuekin eta publiko guztientzat, ostiral eta larunbatetan 13:30ean.
Ostiral goizean Alexis Evans dotoreak, Frantziako souleko haur prodijiotzat hartua, jendeari dantza eragingo dio 50eko hamarkadako klub batera egindako bidaia batean.
Larunbatean Kim Lenz izango da, egungo rockabillyaren ordezkari aparta bera. "Rolling Stone" aldizkariaren argitalpen amerikarrak esan zuenez, "Elvis emakumea izan balitz, ziurrenik Kim Lenzen soinua izango zuen", baina egia esan Kim Lenzek ez du konparaziorik behar.
Araba ARF Tour
Atariko moduan, Araba ARF Tour programa berria sortu da. Lau kontzertu, doan, Arabako bi herritan, Arabako Foru Aldundiaren eskutik, Azkena Rock Festival jaialdirako bideari ateak zabaltzeko.
-
Ekainaren 4an, larunbatean, Guardiako Plaza Berrian, alde batetik, Sotomonte entzuteko aukera izango dugu, Jokin Salaverria getxoztarraren bakarkako proiektua, non folka, rocka eta psikodelia uztartzen dituen; eta, bestetik, Entropía, Gasteizen sortutako space rock eta doinu psikodelikoen taldea.
-
Ekainaren 11n, larunbatean, Ribabellosako plazan arituko dira Outgravity gasteiztarrak –2019ko ARFn ere jo zuten–, eta John Dealer & The Coconuts taldea, euskal punk rock-a Legazpitik, aparra bezala gora doan jarraitzaileen talde gero eta handiagoarekin.