angle-left EmART 2019 – 2020

EmART 2019 – 2020

04/11/2019

Artgia

 EmART 2019 - 2020 deialdia

Deialdi honen bidez ARTgia sorgune & aretoak Arabako emakume artisten lana indartu eta mahaigaineratu nahi du.

Urriaren 26a eta azaroaren 10a bitartean egongo da deialdia zabalik, gaueko 23:59ak arte.

 

Bigarren urtea da EmART deialdia martxan jartzen dela. Emakume gazte eta artista arabarrei zuzendutako deialdia da hau. Helburua, emakume* artista gazteek sortutako lanak babestu eta hauspotzea hauen lana mahaigaineratu eta jendartea txikitasunetik eraldatzeko. Diziplina anitzeko artistek parte hartu dezakete, hala nola, arte bisualak; eszenikoak, soinu arteak; eta literarioak, besteak beste.

Deialdiaren bidez sari ekonomikoa, produkziorako laguntza, erakusketa kolektiboa eta bakarreko erakusketa eskaintzen dira.

Deialdia eragile ezberdinen arteko elkarlanari esker da posible. Horrela, Gazteizko Udala, Kultur ACT elkartea eta ARTgia dira EmART deialdiaren sustatzaile.

*Emakume Etxearen definizioa hartu dugu

 

 

HELBURUA

EmART deialdiak emakume gazte arabarrak ezagutzera emateko helburua du. Programaren izenaren erroak berak esaten duen bezala, “em” horrek, emakumeari egiten dio erreferentzia.

Sortzaile hauek arte garaikidearen parte izan eta sentitzea eta artista moduan hauen ezagutza maila handitzea da helburua. Deialdiak bi gauza eskaintzen ditu: diru-kopuru bat sari gisa, eta bestetik, arte-lanak bukatzean, aretoko espazioaz baliatzea bakarkako erakusketa garatu ahal izateko. Bi erakusketa egingo dira EmART programaren pean: bata taldekoa, kolektiboa, 2019 urtea bukatu baino lehen; bestea indibiduala 2020an.

Hautaketa prozesua ikasketa prozesua bihurtzeko helburuarekin hiru formakuntza saio eskainiko ditu ARTgia sorgune & aretoak aurkeztu nahi diren pertsona guztientzako. Formakuntza saio hauetan landuko diren gaiak hauek izango dira: portfolioak nola egin -arlo artistikoa-, artiston ekonomia eta on line eta off line komunikazioa dira. Gai bakoitza pertsona aditu batekin landuko da. Horren ostean, proiektuak jasotzeko epea zabalduko da.

Formakuntza saio hauek urriaren 24, 25 eta 26an burutuko dira, ARTgia sorgune & aretoan.

 

KULTUR EKOSISTEMA

Programa honen xedea da sortzaile gazteen eta arte eta kultura- munduaren arteko harremana estutzea. Horretarako agente desberdinekin harreman sare berriak eraikiko dira. Tartean museo eta galeriak; arte espazioak; unibertsitate edo arte ikasleak, besteak beste. Artistak euren ekosistema artistikoa eraikitzea da helburua.

 

PARTE- HARTZAILEAK

Bidalitako proiektuak indibidualak behar dira izan, 18-32 urte bitartekoak, Araban bizi edo lan egiten dutenak.

Sortzaileen artean hiru proiektu hautatuko dira.

 

DATAK

EmART programak zazpi hilabeteko iraupena izango du: 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitartean burutuko da. Denbora honetan heziketa eta erakusketa indibidualak eta taldekoa gauzatuko dira. Horrela, egitasmoak hiru helburu beteko ditu: bitartekaritza, erakusketa eta artista gazteak ezagutzera ematea.

 

SARIAK ETA BESTELAKO BALIABIDEAK

ARTgia sorgune & aretoak laguntza ekonomikoa eskaintzen du:

● 200€ sari gisa

● Erakusketa kolektiboa

● Bakarreko erakusketa

● 200€ produkzio gastuetarako

 

JAKINARAZPENAK

Deialdia bere publikaziotik azaroaren 10a bitartean egongo da zabalik, gaueko 23:59ak arte.

Behin epea bukatua, ez dira eskaera gehiago onartuko.

Aurkezpenak email helbide honen bitartez egin beharko dira: artgiada@gmail.com

Azaroaren 12 an idatziz jakinaraziko zaie aurkeztutako pertsona guztiei hautatuak izan diren ala ez.

Dokumentazio falta egongo balego 48 orduko epea ezarriko da, ARTgia sorgune & aretotik akats horiek zuzentzeko.

Arauen inguruko kontsultak egiteko 10 eguneko epea ezarriko da. -deialdia argitaratu osteko egunean kontatzen hasiz-.

Hautatuen izenak publikoak izango dira.

 

DOKUMENTAZIOA

  • Statment
  • CV artístikoa
  • Portfolioa
  • Eskaera euskeraz eta erderaz egin daiteke. Posible den heinean PDF formatua erabili beharko da.

 

HAUTAKETA PROZEDURA

Proiektua deialdi publiko bidez zabalduko da. Hiru proiektu aukeratuko dira eta horretarako pertsona adituek osatuko duten epaimahaia jarriko da martxan arte, kultura eta bitartekaritzaren munduko profesionalekin. Epaimahaia osatuko duten kideek proiektuen berritasuna, originaltasuna eta hibridazio eta fusio aukerak eskaintzen dituzten proiektuak hobestuko dituzte.

 

BALORAZIO IRIZPIDEAK

Laguntzaren onuradun izango dira puntuazio altuena jasotzen duten proiektuakbalorazio irizpide hauen arabera:

- Proiektu berritzailea izatea (%30)

- Proiektuaren interes artistiko eta soziala (%20)

- Emakumearen ahalduntze eta pentsamendu kritikoa garatzea (%20)

- Hibridazio eta fusio aukerak (%15)

- Euskararen erabilera lehen hizkuntza bezala (%10)

- Eskatzailearen jardunbidea. (%5)

 

BESTELAKO ALDERDIAK

- Laguntza hauen emaitzak lehiakortasun erregimenaren arabera egingo dira.

- Epaia apelaezina izango da.

- Epaimahaiak deialdia desertua utzi dezake.

 

BETEBEHARRAK

• Onuradunek proiektua ARTgiarekin adostututako denbora epean eta egutegian garatuko dute eta, amaitzean, memoria dossierra entregatzeko konpromisoa hartuko dute

• Onuradunek bere izena publiko egitea onartzen dute, eta, baita, bere artelanaren erreprodukzio grafikoa ere ARTgiak egindako edozein argitapenetan.

• Onuradunek instalazioen eta materialen erabilpen egokia egiteko konpromisua hartzen dute

• Onuradunek ARTgia-ko arauak errespetatu beharko dituzte: ordutegira eta landinamiketara moldatuz, adibidez, jarrera eraikitzailea lagun. Ez dira bizikidetasunaren eta osasunaren kontrako proiektuak onartuko.

• Onuradun pertsonak ARTgia sorgune & aretoarekin komunikazio mota bai online bai offline adostuko du, eta programan egindako artelanen zabalkundean eta erakusketan ARTgia sorgune & aretoa aipatu beharra dauka.

 

ARTgia KONPROMISOAK

- ARTgia sorgune & aretoak arauetan ezarritakoa betetzeko konpromisoa hartzen du.

- ARTgia sorgune & aretoak beharrezko laguntza eskainiko du proiektuetan sortutako edonolako arazoei konponbidea aurkitzeko eta garapen egokia bermatzeko.

 

ORDAINKETA ETA JUSTIFIKAZIOA

- Ordainketa horrela burutuko da: %50a proiektua hasi aurretik eta beste %50ª behin programa burututa, eta memoria dossierra eta gastu justifikazioa entregatuta eta balidatuta daudela.

- Ordainketa fakturen aurkezpena egingo da lehenik, dagozkion atxikipen fiskalekin, Ordainketa hori transferentzia bitartez egingo da banku-kontuaren bidez.

 

EZ- BETETZEAK

- Arauetan ezarritakoa ez- betetzeak diru laguntzaren etena suposatu dezake baita, eta epaimahiak hala erabakiko balu, laguntza itzultzea ere.

- ARTgia sorgune & aretoak aldaketa programaren arrakasta lortzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskuduntza dauka.

 

 

Argibide gehiago: ARTgia