null GAZTEFILM

GazteFilm Fest jaialdiak bere bosgarren edizioa beteko du, haur eta gazteentzako munduan egin den zinema onenaren 100 emanaldi baino gehiagoren eskutik

19/11/2021 - 28/11/2021

Gaztefilm

Ordutegia:
Tokia: Vital Fundazioa Kulturunean, Artiumen, Zabalgana Gizarte Etxean, Montehermoson, Baratza Aretoan, Saman eta Satelite tabernan
Prezioa: 3 €

Bi asteburutan izango da, azaroaren 19tik 21era eta 26tik 28ra

 

  • Emanaldiak Vital Fundazioa Kulturunean, Artiumen, Zabalgana Gizarte Etxean, Montehermoson, Baratza Aretoan, Saman eta Satelite tabernan egingo dira    
  • Hainbat gai jorratuko ditu, hala nola identitatea, kidetza, adiskidetasuna, aktibismo feminista, gazteen abortua eta zoriontasunaren kontzeptua   

 

GazteFilm Fest, Zinhezbak eta Kalakalabek antolatutako gazte eta umeentzako zinema jaialdiak bere bosgarren edizioa beteko du, publiko gazteenarentzat egindako programazio askotariko eta bizigarriaren eskutik. Hilaren 19tik 28ra bitartean, munduko hainbat lekutan egindako 100 ekoizpen baino gehiago eskainiko ditu hitzordu horrek, hainbat gai interesgarri jorratzeko, hala nola identitatea, kidetza, adiskidetasuna, aktibismo feminista, gazteen abortua eta zoriontasunaren kontzeptua. Emanaldiak hiriko hainbat auzotara iritsiko dira: Vital Fundazioa Kulturunea, Artium, Zabalgana Gizarte Etxea, Montehermoso, Baratza Aretoa, Sama eta Satelite taberna.  

Ekimenak Vital Fundazioaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta aurkezpen ekitaldian Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Ana del Val Kultura eta Kirol arloko foru diputatuak, Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak eta Helena Gonzalez eta Ricardo del Conde GazteFilm Festival-en koordinatzaileek hartu dute parte.

GazteFilm Festek haurren parte hartzea du ekimenaren fase guztietan. Vital Fundazioaren laguntzari esker, 2021ean mundu osotik jasotako 1.700 film labur eta luzeen artean hautatutako 100 ekoizpen baino gehiago eskainiko ditu edizio honek.

Jaialdia bi asteburutan banatuko da: azaroaren 19tik 21era, haurrentzako jaialdia izango da, 3 urtetik 12 urtera bitarteko neska-mutilentzat; eta 26tik 28ra, gazteentzat, 12 urtetik gorakoentzako egina.

 

Emanaldiak

6 sail ofizialek eta 3 erakusketa atalek osatzen dute jaialdia, eta publikoak, bere botoekin, GazteFilm Fest saria emango die horietako bakoitzeko film labur eta luze onenei. Erakusketa ataletan, Nazioarteko hainbat jaialditan bereziki nabarmendu diren filmak izango dira ikusgai.

Umeentzako sail ofizialean (6 urtetik aurrera), Linda Hambäck-en 'Apstjärnan' film luzea emango da, adopzioaren gaia oso ikuspuntu harrigarritik jorratzen duena; Anne-Lise Koehler-en eta Éric Serre-n 'Bonjour Le Monde!', animaliei eta haien berezitasunei buruzko fikziozko dokumentala; Susanne Finken-en 'Zu weit Weg', adiskidetasunari buruzko film dibertigarria; eta, azkenik, Jonh Sheedy-ren ‘H is for Happiness’, neska alai eta baikor batek munduan egoteko duen era berezia kontatzen duena.    

Gazteentzako atalean (12 urtetik aurrera), Katerina Gornostai-ren 'Stop-Zemlia' ikusteko aukera izango da, protagonistak helduarora egiten duen bidaia pertsonalean barneratzen dena; Fanny Liatard eta Jérémy Trouilh-en 'Gagarine', bere etxea eraispenetik defendatzeko Yuri gaztearen borroka; ‘Camila saldrá esta noche’, protagonistaren aktibismo feministaren iratzartzea jasotzen duen film argentinarra; eta Suzanne Lindon-en 'Spring Blossom', lehenengo amodioei buruzko film luzea

Sail ofizialeko film laburren programek 30 lan gehiago dituzte aurten, 4 multzotan banatuta, zein adinekoentzat diren kontuan hartuta.

Halaber, talentu berriak deskubritzeko atal berezi bi ere izango dira: 'Umeek egindako zinema', eta aurtengo nobedadea, 'Gazteek egindako zinema' estreinatuko da, parte hartzaileek planetaren luze-zabalean zinemagintzan eman dituzten lehen urratsak ezagutzeko aukera emango duena.

Sail Ofizialaz gain, GazteFilm Festek erakusketarako hainbat film eskaintzen ditu. Urtero bezala, 3 urtetik aurrerako neska-mutilentzako 'Txiki' atalean, 'Inconfundibles' izeneko film laburren programa bat eta 'El libro de Lila' film luzea izango dira. Film hori ekoizpen kolonbiar-uruguaiarra da, eta bere mundutik kanpo harrapatutako ipuineko pertsonaia bati buruzko animaziozko film maitagarria da.

Erakusketa atal hori osatzeko umeentzako saileko hainbat film izango dira ikusgai: Clémence Madeleine-Perdrillat eta Nathaniel H'limi-ren 'La vie de Chateau', anaitasunari eta maitasunari buruzko film labur zoragarria; eta Joann Sfar-en 'Le Petite Vampire', munstro talde batekin bizi den banpiro txiki baten abenturak kontatzen dituena.

Gazteentzako sailean, Stefano Cipiani-ren 'Mio Fratello rincorre Dinosauri' italiarra ikusiko dugu, Europako Zinema Akademiako publiko gaztearen saria 2020an, eta protagonistak ez du onartzen bere anaiak Down sindromea izatea; eta Eliza Hitman zinemagilearen 'Never, Rarely, Sometimes, Always', gazteen abortuari buruzko film sendoa.

Zinema egiteko beste modu batzuk eskaintzen dituzten saio berezietan honako hauek nabarmentzen dira: Dominique Jonard-en 'Espirales hacia el futuro' film labur multzoa, animazioen bidez Mexikoko haur indigenen iruditeria erakusten duena; Zinetika bideodantza jaialdiak proposatutako 'Historias en Movimiento' film laburren aukeraketa; edo 'Periferikoak' bitxikerien gure programa zaindua.

Bestalde, beste zinemaldi batzuekin sareak sortzeko aurreko edizioetako espirituari jarraituz, aurten Zinetika Jaialdia eta Portugalgo Play Jaialdia izango dira bertan.

Bosgarren edizio honetan, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioaren laguntza izan dugu berriz ere, oso proiektu berezi batean: GazteFilm Fest-ek Bingen Mendizabal musikagile eta musikari gasteiztarra gonbidatu zuen jatorrizko soinu-banda bat konposatzera, eta azaroaren 19an, 19:00etan, zine klasikoko emanaldi batean estreinatuko da.

 

Tailerrak

GazteFilm Fest, neurri batean, haur eta gazteekin egindako tailerrei esker eraikitzen da. 'Programazio tailerrean' jaialdiaren programazioa erabakiko duten ikastetxeek hartzen dute parte, eta' Bikoizketa tailerrean' jaialdian emango diren filmak bikoizteko egiten da lan, horietako batzuen kasuan zuzeneko bikoizketa saioak ere egiten dira.

Aurten, GazteFilm Festek, gainera, 'Mugatik Korrespondentzia' izeneko tailer parte-hartzaile eta trukekoa egingo du, eta Mel Arranz artistarekin 'Gira Biran, Zine Zinetikoa' izeneko tailer irekia. Bertan, 9 eta 13 urte bitarteko haurrek film labur bat egingo dute jaialdiko egunetan.

Emanaldietarako sarrerek 3 euroko prezioa izango dute eta www.gaztefilmfest.com webgunean eros daitezke edo jaialdiaren egoitzan emanaldi bakoitza hasi baino 30 minutu lehenago.