null Kultura Araban inoiz baino biziagoa

Kultura Araban, inoiz baino biziagoa

03/07/2020

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 1a. Ana del Valek zuzentzen duen Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Kultura Araban, inoiz baino biziagoa izeneko kanpaina aurkeztu du gaur, eta horren barruan bilduko du kultura programazioa berreskuratzeko egin duen apustu osoa, “betiere osasun egoerak ahalbidetzen badu eta segurtasun neurriak betez”.

“Sailean —adierazi du del Valek— kulturarekiko konpromiso sendoa hartu dugu krisialdi honetan eta, zehazki, kultura programazioa berrartzearekin, herritarrek merezi dutelako baina, batez ere, une honetan Arabako kultura sektoreari eta inguruan mugiarazten duen industria guztiari lagundu behar diogulako.

Horiek horrela, foru diputatuak hiru gauza aurkeztu ditu

Lehenik eta behin, jakinarazi du bere sailak 500.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo duela programaziorako. “Hortaz, hainbat programa egin ahal izango dira, hala nola Kaleko Arteen Zirkuitua, Musika Klasikoaren Zikloa eta organoarena, Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdia eta hura lurraldean herriz herri eramatea, MagialdiAraba eta Arabako Antzinako Musikaren Astea”. Aldundiaren programazioa zazpi kuadrilletara eta Trebiñura iritsiko da, eta 40 udalerri baino gehiagotan eta 50 herri ingurutan izango da.

Programa horiez gain, beste batzuk ere egongo dira, sailaren dirulaguntzarekin beste batzuek ekoitziak; besteak beste, Bernaola Jaialdia, Atauri Art, DanzÁlava, Zurrumbilo, Haziaraba, Festikale, Gazte TAlent, GazteFilm Fest eta abar. “

Bigarrenik, foru diputatuak xehetasunak eman ditu herrietan egingo den “Kultura Araban, inoiz baino biziago” izeneko kontzertu zikloari buruz. Uda honetarako ad hoc programatu dira kontzertuak, helburu bikoitzarekin: kulturarako espazioak berreskuratzea eta, horrekin, bertako kulturaren industria bultzatzen laguntzea.

Honako hauek, hain zuzen ere:

  •  Uztailaren 4an, 20:00etan, Iruña Okan: Harresian Zulo.
  •  Uztailaren 4an, 21:00etan, Ribabellosan: Aldakan.
  •  Uztailaren 18an, Guardian: Elh Malick Afro-Reggae.
  •  Uztailaren 25ean, Lantziegon: Dr Maha’s Miracle Tonic
  •  Uztailaren 25ean, 21:00etan, Gesaltza Añanan: Daddy’s Funclub

Azkenik, uda honetan “kulturaren berpizte honi” lagun egingo dion kartela aurkeztu du foru diputatuak. Kartelaren egilea Yolanda Mosquera arabar irudigile ezaguna izan da, eta Asier Iturralde diseinatzaile grafikoarekin lankidetzan egin du, Aldundiak Euskadiko Ilustratzaileen Elkartearekin batera egin zuen deialdi azkar bati esker, zeinaren helburua baitzen lan eta jarduera aukerak sortzea Arabako diseinu grafikoaren eta ilustrazioaren sektoreetan. Kartel horri esker, 4.500 euroko ordaina jasoko dute.

Prentsa ohar osoa