Arabako Antzinako Musikaren Astea - kulturaraba
Antzinako Musikaren Astea bere 40. urteurrenera iritsi da

2022an Arabako Antzinako Musikaren Astearen 40. urteurrena ospatuko dugu: lau hamarkada musika historikoen inguruko aurkikuntzez, topaketez eta gozamenez betea. Azken batean, lau hamarkada nazioarteko artista ospetsuenekin kontzertuak eskaintzen.
Arabako Foru Aldundiaren apustu berrituarekin, aste horretan 14 kontzertu izango dira irailaren 2tik 10era bitartean, lurraldeko hainbat lekutan, kokapenak naturan izango direlarik, iaz bezala. Bi urtez mugikortasun murriztua izan ondoren, Europako eskaintzarik onena itzuli da. Antzinako Musikaren Asteko agertokira igoko da Jean Rondeau klabezin jotzaile handia, Bachen Goldbergen jatorrizko bertsioarekin; Lea Desandre mezzosopranoak eta Thomas Dunford laudistak gaua luzatuko dute Gebaran; eta Les Musiciens de Saint Julien taldeak ibilbide bat eskainiko digu musika barrokoan eta Irlandako folkean barrena.
Edizio honetan antzinako musikaz harago goaz. Jatorrietaraino egingo dugu atzera, Abraham Cupeiroren musika tresnen bidez haitzuloetan bizi gineneko urruneko iraganera bidaiatuko baitugu. Musika Astean mendi ibilaldi musikalak eskainiko ditugu estreinakoz, Erdi Aroko erromesaldien harira: Egeria ahots taldearekin Pinedoko leizeetan barrena ibiliko gara Tobillasko eliza erromaniko ederreraino. José Hernández kontratenoreak bere kantu gregoriano antzeztura eramango gaitu Alas del Espiritu lanaren bidez, Artziniegako hiribilduaren sorreraren 750. urteurrena ospatzeko. Eta beste muturrean, Mozart eta Beethovenen musikara iritsiko gara, garaiko pianoforte eta haizezko instrumentuekin interpretatuta, edo musika barroko eta garaikidea eskainiko dizkigun bi akordeoiren errezitaldira, Arte Ederren Museoan.
Forma Antiqvaren ausardiarekin Probintzia Plaza gainezka egongo da. Festasikarekin lankidetzan, Mancini konpositore napolitarraren omenezko jaia eskainiko dugu La Ritirataren eskutik. Ardoaren harira, Urrezko Mendeko musika eta testuak lotzen dituen ikuskizun bat estreinatuko dugu Sara Águeda harpa jotzailearen eta Miguel Cubero aktorearen bidez . Taracea, antzinako musika berria, entzungo ahal izango da Guardian, eta, aldi berean, Fahmi Alqairen viola da gambak bere lekua aurkituko du rock agertokietan. Eta gure Euskal Barrokensembleak Couperin, Vivaldi eta Haydnen lauterako kontzertu bikainak eskainiko dizkigu.
Zuen zain egongo gara Arabako Antzinako Musikaren 40. astean, lehen aldiz hasiko denaren ilusioarekin.
Programa osoa eta sarrerak erreserbatzea
Arabako Antzinako Musikaren Astea
Arabako Antzinako Musikaren Asteak, Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatuta, Erdi Aroko, Errenazimenduko eta Barrokoko musika lanak interpretatzen diren kontzertuak eskaintzen ditu urtero irailean. Kontzertuetan garai horretako musika tresnak jotzen dira, jatorrizkoak edo jatorrizkoen kopiak.
Hogeita hemeretzi edizio eginda, “Astea” gure lurraldeko musika arloko erreferentzia puntu bat bilakatu da, eta bilgunerik jendetsuenetako bat, gonbit txartelen banaketa iragartzen den bakoitzean sortzen diren ilara luze-luzeek agerian jartzen duten bezala.
Astearen erdigunea Gasteizko Santa Maria katedrala da, bertan ematen baitira kontzertu gehien-gehienak. Baina Arabako hiriburua ez da protagonista bakarra, jaialdia Araba guztira zabalik baitago, lurraldeko hainbat herritan ematen diren kontzertuekin.
Historia
Bere historia luzean, Antzinako Musikaren Astea hainbat agertokitatik pasatu da, hala nola San Pedro eliza, San Bizente eliza, Santa Maria katedrala, Escoriaza-Esquivel jauregia edo Villasuso jauregia, eta 2016. urteaz gero Arabako Lurralde Historikoko zenbait herritako elizetara eta lekutara ere hedatu da.
Jotzaileak
Arabako Antzinako Musikaren Astean, Espainiako eta nazioarteko artistek parte hartu dute, hala nola Carlos Mena, Sara Mingardo, Emma Kirkby, Jordi Savall, Vittorio Ghielmi, Kenneth Weis, Pierre Hantaï, Hopkinson Smith; zuzendarien artean, aipa ditzagun Eduardo López Banzo, Peter Phillips, Fabio Biondi eta Rinaldo Alesandrini; eta taldeen artean, Tallis Scholars, Il Giardiano Armonico, Europar Batasuneko Orkestra Barrokoa, Orquesta Barroca de Sevilla, Al Ayre Español, His Majesty’s Sagbutts and Cornetts eta abar luze bat.
Sarrera
Doako kontzertuak, gonbidapenarekin, tokiak bete arte.
2022an, kontserbatorioko kontzertuetarako sarreren prezioa 6 eta 9 euro artekoa izango da.
Sarrerak eta gonbidapenak jendearen eskura egongo dira webgunean, uztailaren 4tik (astelehena) aurrera.
Edizioak