angle-left XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Santa Maria Katedrala, irailak 4.

XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Santa Maria Katedrala, irailak 4.

04/09/2019

Horario: 20:15
Lugar: Santa Maria Katedrala, Vitoria-Gasteiz
Precio: Sarrera inbitazioarekin, edukiera bete arte

 

  • Alicia Amo, sopranoa.

Musica Boscareccia:

  • Andoni Mercero, biolina eta zuzendaritza.
  • Aldo Mata, txeloa.
  • Carlos Garcia Bernalt, klabezina.

 

MUSICA BOSCARECCIA talde barrokoak Johann Hermann Schein-ek 1621ean Leipzig-en argitaratutako abesti bilduma batetik hartu du izena (Musica Boscareccia –basoko musika– edo Wald Liederlein –basoko abestitxoak–, edizio horren lehen orrialdean agertzen den moduan). Instrumentazio aldakorreko talde honek XVII. eta XVIII. mendeetako ganberako ahots musika interpretatzen du batez ere, ahots bakarreko eta baxu jarraituko abestietatik hasi eta instrumentu akonpainamendua duten kantatetara. Oso errepertorio zabala eta askotarikoa du, besteren artean, publikoarentzat oso ezagunak ez diren konposizioak, obra argitaragabeak eta berraurkituak izateko zain dauden piezak.

Argitaratu zuten lehenengo CDa, Dulce azento, musika ondarea berreskuratzeko proiektu garrantzitsua izan zen; izan ere, Francesco Corselli-k konposatutako lau kantata argitaragabe berreskuratu zituzten Madrilgo Errege Kaperako agiritegitik. Horrez gainera, egile beraren biolinerako eta baxurako hiru sonata grabatu zituzten lehen aldiz. CD horrek hainbat sari jaso ditu, besteak beste, ICMA nazioarteko sari entzutetsurako izendapena. Duela gutxi, bigarren CDa argitaratu dute: Sognando son felice, Domenico Scarlatti-ri eskainia osoki.

Musica Boscareccia taldeko kideak Espainiako eta nazioarteko talde barroko nagusiekin aritzen dira aldizka eta musika jaialdi eta kontzertu areto garrantzitsuenetan jo ohi dute.

Besteren artean, honako hauetan eman dituzte kontzertuak: Santanderreko Nazioarteko Jaialdia, Nafarruriko Antzinako Musika Jaialdia, Arabako Antzinako Musikaren Astea, Leongo Organo Jaialdia, Sevillako orkestra barrokoko denboraldia, Cadizeko Espainiar Musikaren Jaialdia, Salamanca Barrokoa zikloa, Burgoseko Cordon kultura zikloa, Madrilgo Arte Sakratuaren Jaialdia, Oviedoko Felipe Printzea auditoriuma, Aranjuezeko Antzinako Musika Jaialdia, San Lorenzo de El Escorial, Musika Auditorium Nazionaleko Unibertso Barrokoa zikloa, Sevillako Antzinako Musika Jaialdia, eta laster Lizarrako Antzinako Musika Jaialdiko proiektu pedagogikoan parte hartuko dute talde gonbidatu gisa.

 


Andoni Mercero, biolina eta zuzendaritza.

Donostian jaio zen eta han hasi zen biolin eta biola ikasketak egiten. Madrilgo Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan jarraitu zuen ikasten, Torontoko Unibertsitatean, Berlingo Hans Eisler Hochschule für Musik ikastegian eta Amsterdamgo kontserbatorioan.

Sariak jaso ditu hainbat lehiaketatan, besteak beste, Pablo Sarasate Sari Nazionala, Portugalgo Julio Cardona Nazioarteko Lehiaketa, Florentziako Vittorio Gui Lehiaketa edota Roveretoko (Italia) biolin barrokoaren Bonporti Saria.

Musica Boscareccia taldea sortu zuen, zeinaren zuzendaria eta biolin jotzailea baita. Kontzertinoa izan da Granada Hiriko Orkestran, Burgoseko Orkestra Sinfonikoan, Salamancako Orkestra Barrokoan eta Sevillako Orkestra Barrokoan. Ohiko kontzertinoa da Sevillako Orkestra Barrokoan, Al Ayre Españolen eta Euskadiko Orkestran, eta kontzertino gonbidatua izan da honako hauetan: Oviedoko Opera, Accademia Bizantina, I Barocchisti, La Risonanza, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoa, Valleseko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Errege Kapera, Le Parlement de Musique, La Cetra Barockorchester Basel eta Kammerorchester Zürich. Horrez gain, hainbat talderekin aritu ohi da: Cafe Zimmermann, Le Concert des Nations, Il Complesso Barocco eta The Rare Fruits Council.

Antonio Mercero oso gogotsu aritu da beti ganbera musikan, bai biolinarekin, bai biolarekin, eta hainbat taldetako kide izan da, besteak beste, Cuarteto Casals eta Mensa Harmonica izenekoetakoa.

Bakarlari ere aritu da honako hauekin: Granada Hiriko Orkestra, Burgoseko Orkestra Sinfonikoa, Sevillako Orkestra Barrokoa, Camerata Strumentale di Prato (Italia) eta Mantuako Ganbera Orkestra.

Irakasle ere bada JONDEn eta Salamancako Unibertsitateko Antzinako Musikaren Akademian. Eta egun soka laukote irakaslea da Musikenen.

 


EGITARAUA

 

"Argia eta itzala elkartzen diren lekuan"

Aria alemaniarrak biolinarekin

 

  • Georg Philipp Telemann

 

Warum verstellst du TWV 1:1502

Err.: Warum verstellst du die Gebarden - Aria: Nein, lass dein Dulden

Aria: Nur getrost, gelassne Seelen!

 

 

  • Georg Friedrich Haendel

 

Biolinerako eta baxu jarraiturako sonata re maiorrean HWV 371

Affettuoso - Allegro - Larghetto - Allegro

                                         *         

Süsser Blumen Ambraflicken HWV 204

Meine Seele hört im Sehen HWV 207

(Bederatzi aria alemaniar obrakoak)

 

 

  • Johann Sebastian Bach

 

Biolinerako eta baxu jarraiturako sonata mi minorrean BWV 1023

Preludio - Adagio ma non tanto - Allemanda – Gigue

                                          *

Seufzer, Tränen, Kummer, Not (BWV 21 kantatakoa)

Er segnet, die den Herrn fürchten (BWV 196 kantatakoa)

Komm in mein Herzenshaus (BWV 80 kantatakoa)

                                          *    

Weichet nur, betrübte Schatten BWV 202 (zatiak)

Err.: Drum sucht auch Amor sein Vergnugen - Aria: Wenn die Frühlingslüfte streichen

Err.: Und dieses ist das Glücke - Gavotte: Sehet in Zufriedenheit

 

 


PROGRAMAREN GAINEKO IRUZKINAK

 

Musica Boscareccia

Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondoren, Alemanian are gehiago nabarmentzen hasi ziren hegoalde katolikoaren eta erdialde eta iparralde protestanteen arteko kultura-aldeak. Luteranoek eztabaida biziak izaten zituzten erlijioa egunero nola bizi behar zen eta, jakina, musikak erlijio-gurtuan zer leku hartu behar zuen azaldu nahian. Alde batetik, ortodoxiak tenpluetan gurtzeko ohitura babesten zuen, eta, haien ustez, testu biblikoen interpretazio poetikoa, erretorikoa eta onbidezkoa apaizek soilik egin behar zuten. Beste alde batetik, pietismoak fededun bakoitzaren jainkozaletasun mistikoa erdigunean jartzen zuen. Pietistek ez zioten ezinbesteko irizten eliza batean biltzeari, eta, haien ustez, edozein pertsona laikok Bibliaren irakurketak zuzendu eta interpretatu ahal zituen. Denbora igaro ahala, pietismoaren eraginaz, kanta-liburu ugari sortu ziren, eta fededun bakoitzak erabili ahal izaten zituen eguneroko bizimoduan. Kanta sentimentalak gailentzen ziren, emozioz beterikoak eta, askotan, oso grinatsuak.

Neumeister-ek, Hanburgoko apaiz luterano batek, bere testuei (testu biblikoen gaineko hausnarketa poetikoak) eta testuekin batera zihoan musikari eman zien operan oinarritutako forma bat, errezitatiboetan eta arietan egituratuta, betiere koral tradizionalekin batera. Horrek, hain justu, gatazka handia eragin zuen musika-eremuan. Neumeisterren erlijio-kantatan musikariek italiar estilo kontzertantean oinarritutako adierazpen-baliabide eta musika-tresnak erabili ahal izaten zituzten, erlijio-testu poetikoen grina eta sakontasuna bere osotasunean transmititzeko. Geroago, kantatak are gehiago landu zituzten Alemaniako barrokoko musikagile nagusiek. Horrela, musikak indar handiagoz lagundu zuen liturgia bideratzen. Pietistek ezin zuten ulertu erlijio-musika «profanatzeko» modu hori; erreformista ortodoxoek, ordea, pentsatzen zuten Neumeisterren kantatak berekin ekar lezakeela «musika profana sakralizatzea». Ortodoxiaren eta pietismoaren arteko borroka horiek luze iraun zuten, eta Alemaniako barrokoaren amaierako Bach, Händel eta Telemann musikagile bikainen erlijio-lanei eragin zieten.

Hiru musika-konpositore horietako erlijio-kantatetan, ariosoetan, arietan eta errezitatiboetan agerikoak dira Neumeisterrek osatu zituen formak, liturgia manu erreformista ortodoxoei jarraikiz edertzeko. Horrez gain, lan horiek badute pietismoak defendatzen zuen adierazpen emozional eta sentimentala ere, eta horrek zer ikusi handia dauka afektuen gaineko teoriarekin (Affektenlehre). J. Neubauerrek azaldu zuen bezala, pasioak aztertzen zituzten teorikoek balioak esleitzen zizkieten musikaren materialei eta oinarrizko formei, hala nola bitarteak, eskalak, tonuak, konpasak edo erritmoak. Musikagileek elementu horiek antolatu behar zituzten testuak igortzen zuen emozio bakoitzaren zerbitzupean. Bach, Händel eta Telemann musikagileen erlijio-kantaten kasuan, agerikoa da musikak hitz eta esaldi bakoitzaren esanahiari laguntzen diola: musikaren espresioak hitz eta esaldien esanahia irudikatu eta osatzen du sakontasun bereziaz.

                Georg Philipp Telemann (1681-1767) musikagileak estilo guztietako lan ugari idatzi zituen, baita erlijio-musikari buruzkoak ere. Magdeburgeko apaiz baten semea zen, eta, erlijio-familia batean jaioa, erlijio-giro hori mila eta bostehun kantatatan transmititu zuen geroago. Telemanni opera eta antzerki-musika gustatzen zitzaizkion —Bachi ez bezala—, eta, gainera, Hanburgoko merkataritza-giro kosmopolitan bikain aritu zen; izan ere, bertan egin zuen beraren ibilbide zati handi bat. Maisu-kaperaren postua hartu zuen garaiko gorte nagusietako batzuetan, zehazki, Sorauko, Eisenacheko, Frankfurteko eta Hanburgoko gorteetan. Telemannek urteko kantata-ziklo ugari konposatu zituen, gorte eta hiri horietako elizateko liturgia-zerbitzuetarako. TWV 1:1502 kantata (Warum verstellst du) biltzen duen bilduma Epifania ospatzeko konposatu zuen. Telemannek berak argitaratu zuen, 1725ean. Bilduma hirurogeita hamabi erlijio-kantataz osatuta dago; kopuru harrigarria da, eta luteranoen elizan igande edo jaiegun bakoitzean interpretatzeko kantatak dira. Ganbera-musikaren aparteko maisua zen, eta erlijio-partitura horietako arietan testuen birtuosismo bokala eta emozioen espresiorik handiena konbinatu zituen musika pribatuaren edo etxeko musikaren intimitatearekin batera. Soprano batek, biolin batez eta baxu jarraitu batez soilik interpretatzekoak dira.

M. Acero Ruilópezek idatzi duen bezala, Telemannek honela deskribatu zituen kantatak: «erlijio-zerbitzu harmonikoa da; pietismoari egiten zaio erreferentzia, eta, horren arabera, edozein pertsonak bere neurrira moldatu ahal du Jainkoa gurtzeko modua». Telemannek kantata horiek argitaratzea erabaki zuen, bere ekonomia pertsonala hobetzeko eta beste fededun batzuek interpretatu ahal ditzaten modu pribatuan edo eliza txikietan. Aceroren arabera, «hain arrakastatsuak izan ziren, ezen sei urte geroago bigarren zatia ere argitaratu behar izan baitzuen. Bigarren argitaratze horretan azalpen osagarriak eman zituen, banaketa instrumentala nahierara handitu ahal izateko».

Georg Friedrich Händel (1685-1759) ere Erreformaren irakaspenetan trebatu zen bere jaioterrian, hots, Halle-n, eta bertan ekin zion Zuzenbidea ikasteari. Baliteke Händelek Hallen edo, agian, Hanburgon Barthol Heinrich Brockes (1680-1747) ezagutu izana eta biok lagunak izatea. Brockes poeta eta politikoa zen, Hanburgon; eta literatura-testu asko idatzi zituen. Gero, Händelek musikatu zituen, baita Telemannek eta Bachek ere. Irdsiches Vergnügen in Gott [Jainkoaren lurreko gozamenak] lanaren lehen alean1721ean argitaratu zen—Brockesek idatzitako olerki batzuk oinarri hartu zituen Händelek, HWV 202-210 bederatzi alemaniar aria konposatzeko. Ez dakigu zergatik konposatu zituen bederatzi alemaniar aria horiek 1724 eta 1727 urte bitartean. Garai hartan, Händel Londresen zegoen, eta Royal Academy of Music kontserbatorioko italiar operen idazle jarduten zuen. Bizirik zegoela, ez zituen argitaratu bederatzi aria horiek, baina jakin egin da Brockesek bere bigarren alean aipatu zituela (1727an). Herman Roth-ek editatu zituen lehenengo aldiz, 1921ean.

Aria horietan musikaren bidez irudikatzen da naturari eta jainkoari buruzko testu batzuen esanahi poetikoa. Testuak irudiz eta metaforaz beterik daude, eta edertasunari so egiteak ematen duen lasaitasuna sustatzen dute, moralitate apur batekin batera. Aria da capo egitura hirutarra dute, eta fintasun melodikoa nagusi da baxu jarraituen gainean. Eremu kontrapustitikoak arakatzen dituzte, eta, beste batzuetan, arpegioek laguntzen diete ahots melodikoei. Ez dakigu zehatz-mehatz zerk bultzatu zuen Händel aria horiek idaztera, baina, oro har, pentsatzen da eremu pribatuan interpretatzeko konposatu zituela, agian Londresen bizi zen alemaniar batentzat.

Garai berean, Johann Sebastian Bach (1685-1750) musikaria jakitun zen musikagileen eta organo-jotzaileen familia luze baten oinordekoa zela, eta haiek hasieratik babestua zutela Luteroren Erreforma. Oso gazte zela, Bachek alemaniar erlijio-kantataren estiloa ikasi zuen, eta beraren talentua nabarmendu zen, erlijio-testu baten ideia nagusia ulertzeko eta haren esanahia musikaren bidez transmititzeko gaitasun handia zeukalako. Bachek Weimar hirian ezagutu zuen hurrengo hamarkadetan Alemania luteranoan hedatu zen erlijio-kantaten estiloa. Geroago, Neumeisterrek kantata profanoaren ereduari lotuta zabaldu zuen estilo hori. Hortaz, koralen, arien eta errezitatiboen araberako antolaketari jarraitu zion, baina pietismoaren eragina ere bazeukan, eta musika-hizkuntza subjektiboa ere garatu zuen. Oso adierazkorra zen, baita mistikoa ere, eta entzuleengan jainkozaletasuna sustatzen zuen. BWV 21 kantata lan oso goiztiarra da, baina bertan jada agerikoak dira ezaugarri horiek, eta mina eta errukitasuna intentsitate dramatiko handiz adierazten ditu. Beste kantata batzuetan, hala nola BWV 58 eta BWV 80 kantatetan, Bachek Jainkoarekiko konfiantza eta itxaropena transmititzen ditu musikaren bidez. Sonata biak Leipzig herrian konposatu zituen; eta bigarrena, zehazki, Erreformaren jaieguna ospatzeko konposatu zuen. Maria Barbara emaztearen izeko baten ezkontza ospatzeko, BWV 196 konposatu zuen, Mulhausen-en.

BWV 202 kantata bestelakoa da. Kantata profanoa da, eta Bachek Köthen herrian konposatu zuen, 1718 eta 1723 urte bitartean, ezkontza-oturuntz bat alaitzeko. Bachek ospakizunaren alaitasuna erakutsi zuen sonata horretan. Testuaren egilea ezezaguna da, baina testuan eta musikan (tonu alaiaren eta dantza bizien bidez) udaberriaren etorrera eta ezkontzaren alaitasuna ospatzen dira.

 

 


ERABATEKO PROGRAMA - XXXVII.ARABAKO AINTZINAKO MUSIKA ASTEA