angle-left XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Maeztu, irailak 1.

XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Maeztu, irailak 1.

01/09/2019

Horario: 19:30
Lugar: Gurutze Santuaren Idorokundearen eliza.
Precio: Sarrera doan aretoa bete arte.


Lucía Caihuela, sopranoa

Manuel Minguillón, artxilautea eta gitarra barrokoa

 

Lucía Caihuela, sopranoa

Lucía Caihuela Madrilen hasi zen kantu klasikoa ikasten, eta hango Arturo Soria kontserbatorioan gradu profesionala lortu zuen ohorezko aipamenarekin, 2012an. Handik Herbehereetara joan zen, antzinako musikan espezializatzeko, eta 2017an cum laude lizentziatu zen Amsterdameko kontserbatorioan. Gaur egun, masterreko azken ikasturtea bukatzen ari da kontserbatorio hartan.

 

Luciak Holandan, Belgikan, Alemanian eta Espainian egiten du bere lan jarduera gehiena. Hainbat talderekin lan egin ohi du, hala nola The Netherlands Bach Society, Collegium 1704, Música Temprana eta Seconda Pratica.

 

Bakarlari moduan, areto hauetan kantatu du, besteak beste: Madrilgo Auditorio Nacional, Madrilgo Teatro Real, Utrecht-eko TivoliVredenburg eta Amsterdameko Muziekgebouw aan ‘t IJ. Baita ere, nazioarteko musikaldi entzutetsuetan, hala nola Utrecht-eko Antzinako Musikaren Jaialdia, Holandan, eta Thüringer Bachwochen, Alemanian. Besteak beste, Richar Egarr, Jos van Veldhoven, José Antonio Montaño, Václav Luks, Paul Dombrecht eta Philippe Herreweghe zuzendariekin jardun du.

 

Opera errepertorioan estreinaldia Teatro Real-en egin zuen Lucíak, Proserpina bezala Monteverdiren L’Orfeo operan, antzoki horren 2012ko proiektu pedagogikoetako batean. Harez gero, rol hauetan kantatu du: Dido, Purcell-en Dido eta Eneas-en; Lucrecia, José de Nebraren Donde hay violencia no hay culpa zarzuela barrokoan, eta Gerdaren rola, bereziki harentzat idatzia, Nikos Ioakeim-en The falling soldier lan garaikidean.

 

2017ko urrian, Lucía Neue Stimmen lehiaketako 1400 parte-hartzaileetarik 40 finalisten artean izan zen. Mundu guztiko opera lehiaketa ospetsuenetako bat da.

 

Lucía, halaber, La Pícara ensembleko arte zuzendaria eta kide fundatzailea da. Musika barroko espainiarra berreskuratu eta interpretatzean espezializatutako talde bat da.

 

Manuel Minguillón, artxilautea eta gitarra barrokoa

Madrilen jaio zen, Espainian, eta han Gerardo Arriagarekin eta Jesús Sánchezekin ikasi zuen. Ondoren, Basileara aldatu zen (Suitza), Hopkinson Smith maisuarekin ikasteko. Geroago, Rochesterko Eastman School of Music-en sartu zen (New York), eta han hari pultsatuzko antzinako musika tresnen interpretazioko masterra eta doktoretza egin zituen Paul O’Dette maisuarekin.

 

Manuelek hainbat talderekin lan egiten du, besteak beste: Gabrieli Consort & Players, Monteverdi Choir, English Baroque Soloist, Florilegium, La Nuova Musica, Galan, The Kings Singers, Charivari Agreable, Al Ayre español, Compañía de Teatro Clásico de España, Nereydas, Vespres d’Arnadi, Delitiae Musicae, Impetus, La Dispersione, Orquesta Barroca de Sevilla, Orquesta Barroca de Salamanca, Musica Alchemica, Ludovice Ensemble, Accademia del Piacere, La Madrileña eta Harmonia del Parnás. Hori dela eta, Europa guztian, Ipar Amerikan eta Australian jo du.

 

Zuzendari eta bakarlari ospetsuenetako batzuentzat jo du, hala nola Paul McCresh, John Elliot Gardiner, Paul O’Dette, Laurence Cummings, Benjamin Bayl, Eduardo López Banzo, Carlos Mena, María Espada, Emanuela Galli, Vivica Genaux, Romina Basso, Anna Bonitatibus, Emanuel Cencic eta beste batzuk.

 

Minguillónek hamar disko baino gehiago grabatu ditu hainbat diskoetxerentzat, hala nola Brilliant Classics, Signum Records eta Enchiriadis. The King Singers, Delitiae Musicae, Charivari Agreable, Nereydas, Delia Agúndez, La Dispersione, New College Oxford Choir, Musica Alchemica, Ludovice Ensemble eta beste talde batzuekin egin ditu grabaketak.

 

Gaur egun, Madrilen bizi eta egiten du lan. Bertan, gitarra eta hari pultsatuzko musika tresna errenazentista eta barrokoak

 

 


EGITARAUA

 

“L’Eraclito Amoroso.”

Barbara Strozzi bere jaiotzaren 400. urteurrenean.

Programa hau, Barbara Strozzik argitaratu zituen zortzi opusen artetik hautaturiko madrigal eta aria multzo bat da. Musika lan inprimatu gehien duen XVII. mendeko konpositorea da. Alessandro Piccininiren pieza instrumentalekin osatzen da programa.

 

L’eraclito amoroso’

‘Così non la voglio’

Barbara Strozzi (1619-1677)

 

‘‘Che si può fare’

‘L’Amante consolato’

Barbara Strozzi

 

‘Aria II de saravanda in parte variate’

‘Passacagli’

Alessandro Piccinini (1566-ca. 1638)

 

‘Lagrime mie’

‘Pensaci ben mio core’

Barbara Strozzi

 

‘Toccata VI’

‘Corrente XII sopra un aria detta l’Alemana’

Alessandro Piccinini

 

‘L’amante segreto’

‘E pazzo il mio core’

Barbara Strozzi

 

 


PROGRAMAREN GAINEKO IRUZKINAK

 

“Antzinako musika” deiturikoa Europa guztiko musikaldien programazioko protagonista izaten hasi zenetik, XX. mendeko 60ko hamarkadaz geroztik alegia, konpositore eta lanen inguruko ikerlanek zabalagotu egin dituzte –eta zabalagotzen segitzen dute– interpreteen eta entzuleen ikuspegiak.  Bach, Händel, Vivaldi eta garai horretako beste hainbat  konpositoreren lanen exekuzio beti hunkigarri eta iradokitzaileez gainera, sarritan entzulearengan eragin emozionala sortu nahi baitute, kontrastea arakatzeaz eta eszenaratze originalez gainera, programazio berriek bide ematen digute garai hartako musikaren dibertsitate osoa ezagutzeko. Mendeak igaro eta denbora luze horretan gertatutako hainbat gorabeheraren ondoren, ahaztutako artista eta musika lanek beren interesa eta edertasuna berreskuratzen dituzte, interprete, ikertzaile eta zabalkunde proposamen berritzaileak direla medio.

“Ahaztu” eta, zorionez, “berreskuratu” horien artean, Barrokoko emakume konpositoreek merezi dute haien lanak guztiok aztertu, aitortu eta gozatzea. Harrigarria bada ere, Les Sylvains-en eta Lucía Caihuela eta Manuel Minguillón-en kontzertuetako protagonista diren bi konpositoreak, Francesca Caccini (1587-1641) eta Barbara Strozzi (1619-1677), ospetsuak izan ziren beren bizi denboran, eta garai hartako pertsona itzaltsuenei aurkeztu zizkieten beren konposizioak, baina geroago erabat ahazturik gertatu ziren duela oso urte gutxi arte. Konpositore horietako lehenengoa Giulio Cacciniren alaba zen (c. 1550-1618). Konpositore eta kantari birtuoso honek musikaren historia irauli egin zuen Medicitarren Florentzian, haren ekarpena erabakigarria izan baitzen Barroko musikalaren sorrera ekarri zuen monodia akonpainatuaren asmaketan. Francescak hezkuntza humanistiko oso-osoa jaso zuen eta haurra zenetik nabarmendu zen bere ahotsaz eta talentuaz, hamahiru urte bakarrik zituenean agertu baitzituen Frantziako Enrike IV.aren eta Maria de Mediciren arteko ezteietan.  Florentzian musika ikastegi bat zuzentzeaz gainera, kanta ugari konposatu zituen, bai eta emakume batek egindako lehenengo opera ere: “La liberazione di Ruggiero”.

Barbara Strozzi konpositore veneziarra, zeinaren jaiotzaren laugarren mendeurrena ospatzen baitugu aurten, lehenengo Barroko italiarreko madrigal, kantata eta aria konpositore eta interpreteen bigarren belaunaldikoa izan zen. Bere aita Giulio Strozzi poeta eta antzerkigilearengandik erudiziozko hezkuntza hartu zuen. Cavallirekin ikasi eta Monteverdiren estilo dramatikoarekin trebatu ondoren, Barbarak aurkitu zuen musikak testuko sentimenduak transmititzeko eta interpreteak eta entzuleak hitz eta lerro bakoitzeko hunkidura sakonenetara eramateko duen ahalmena. Nahigabearen eta giza grinak adierazten maisua zen, eta berak kantatzen zituen bere lan asko, tesitura zorrotzeko ahotsaren ñabardura espresibo guztiak arakatzeko asmatuak. Argitara eman zituen zortzi madrigal, kantata, aria eta duetto liburuak, XVII. mende guztian Europan zehar ibili zirenak, guztiz garrantzitsuak izan ziren, eta nekez berdintzen ditu haren garaiko edozein konpositorek.

 

Azken hamarkada hauetan egin diren azterlan musikologikoak laguntzen ari dira hainbat konpositore ezagut ditzagun, bere garaian garrantzi handikoak izan zirenak eta, Francesca Caccini eta Barbara Strozzi bezala, berreskuratu eta beren merezimenduen arabera balioztatu behar direnak. Kanthoria taldeko kideek oso kontzertu programa interesgarrian bildu dituzte XVIII. mendeko euskal konpositore nagusietako biren lanak: Joakin Ojinaga (1719-1789), zeinaren jaiotzaren hirugarren mendeurrena baita aurten, eta Juan Andres Lonbide (1745-1811), biak tekla-musikari emanak (klabea eta organoa).

Joakin Ojinaga bere jaioterritik, Bilbotik alegia, Madrilera aldatu zen José de Nebra maisu handiarekin organoa ikasteko. Madrilgo Gizakundearen Errege Komentuko organista postuan jardun ondoren, Errege Kaperan aritu zen 1750 arte, urte hartan Toledoko katedraleko organista izendatu baitzuten. Postu horretan jardun zuen hil zen arte.  Aita López Calok aztertu eta Eusko Ikaskuntzarekin argitara eman zituen, 1989an, gaur egun gordetzen diren Ojinagaren lan bakanak. Kanthoria taldeak klabeaz emango ditu, eta ganbera musikako egokitzapenetan jatorrizko musika-tresnekin.

Ojinagarekin, baita Bachekin eta Scarlattirekin ere, programa partekatuko duen beste euskal konpositorea Jose Andres Lonbide da, Gipuzkoako Elgetakoa. Bera ere organista aritu zen, Ojinagaren pausoei jarraituz, eta Madrilgo eta Toledoko katedraleko postuetarako lehiatu zen, baina lortu zuen lehenengo postua Bilboko katedraleko organistarena izan zen. Garrantzi handiagoko postuak eskuratu nahian, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko partaide izan zen, eta 1772an “bazkide irakasle” moduan onartua izan zen, biolin eta klaberako sonata bilduma bat aurkeztuta. Oviedoko katedralean jardun zuen eta, azkenean, Gizakundearen Monasterioko organista postua lortu zuen.

 

Oso desberdina baina orobat iradokitzailea dugu Musbika Ensemblek eskaintzen duen programa, gonbidatzen diguna munduaren inguruan bidaia egitera munduko itsasgizon handienetako baten ontzian: Antonio Gaztañeta (1656-1728). Haren bizipenak Kukubiltxo antzerki taldearen sortzailea den Josu Camarak dramatizatu ditu. Gaztañeta hamabi urterekin irten zen bere jaioterritik, Mutrikutik alegia, itsaso zabalak zeharkatzeko hainbat bidaia eta espediziotan. Espainiako XVII. mendeko nabigazio trataturik garrantzitsuena idatzi zuen, “Norte de la Navegación” izenekoa, eta garrantzizko berrikuntzak sartu zituen nautika espainolean, besteak beste, itsasontzien formari eta tamainari buruzkoak, Holanda, Frantzia eta Ingalaterrako gerra itsasontzien funtzionamendua sakonean ezagutu ondoren. Hortaz, Gaztañetak XVIII. mendeko Espainiako itsasontzi arkitekturaren oinarriak ezarri zituen.

Zer musika eta zer instrumentu entzun ote zuen Gaztañetak, porturatu zen leku guztietan? Zalantzarik gabe, bete-beteko musika barroko europarra baina, baita ere, musika amerikarra, hainbat aldiz bisitatu zituen Mendebaldeko Indietakoa eta, jakina, gauza segurua da berekin eraman zuela garai hartan haren herrian kantatu eta dantzatzen zen musikaren oroitzapena.

 

 


ERABATEKO PROGRAMA - XXXVII.ARABAKO AINTZINAKO MUSIKA ASTEA