angle-left XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Zuhatzu Kuartango, irailak 7.

XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Zuhatzu Kuartango, irailak 7.

07/09/2019

Horario: 19:00
Lugar: Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharreko antzokia.
Precio: Sarrera doan aretoa bete arte.


Enrique Campos, lehen biolin.

Iraide Sarria, viola.

Alejandro Saúl Martínez, biolontxeloa.

Guadalupe López, klabezina.

Elur Arrieta, perkusioa.

Josu Cámara, aktorea.

 

MUSBIKA ENSEMBLE.

Musikaren sentsibilizazio eta difusiorako lan egitea helburu duen musika konpainia bat da. Musikari lotutako hesi eta etiketak hautsi eta arte hau txoko guztietara zabaltzearen nahiarekin lan eginaz, edonork musika estilo ororekin harritu eta gozatzeko aukera izan dezan. Musika klasikoa eta antzinako Musika pertsona ororengana iristeko dauden oztopo eta clichéak gainditzeko asmoz,

 

musbikak, berritasunez hornituriko MUSBIKA ENSEMBLE proiektua aurkezten dizu, eszenaratze fresko eta dinamiko baten bitartez. Pertsona orok izan dezan Musika honekin gozatu eta harritzeko aukera.

 

Ganbera musika talde honek, 2016ko abenduan ekin zion bere ibilbideari Elgoibarren. Abenduko estreinaldiari, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalekin elkarlanean antolatzen dituen Azkoitiko eta Zarauzko jaialdiekin eman zion jarraipena taldeak. Abuztuan berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak udalekin elkarlanean antolatzen duen Lekeitioko “Itxas soinuak” Jaialdian aritu zen, eta azaroan berriz, Ordiziko “Barroko Aire” jaialdian. 2018a Bilboko “Musika- Música” jaialdiarekin estreinatu zuen ensembleak eta abuztuan hiri berean aritu zen Aste Nagusiko musika klasiko zikloan.

 

 


EGITARAUA

 

“Antonio Gaztañetaren bidaia”

Juan Sebastian Elcano-rekin batera, Euskal Herrian beste hainbat itsas-gizon garrantzitsu izan ditugu, tartean Antonio Gaztañeta (1656-1728). Musbika Ensembleak, Antonio Gaztañetaren bidaia ikuskizun honetan, bere itsasontzian bidaiatzeko aukera eskainiko digu, testu dramatizatu eta musikaren bitartez. Tripazko sokak, klabea, arku barrokoak, larruzko estalkiak eta barroko garaiko kriterio historikoekin interpretatutako musikak Antonio Gaztaiñetaren garaiko Mutriku herrira eramango gaitu bidaiari ekiteko.

Antonio Gaztañetak, denboran bakarrik ez, bere intsasuntzian, Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetara eramango gaitu, eta bertako musika eta kultura ezagutzeko aukera emango digu. Marinel ausartaren paperean Josu Camara, Kukubiltxo antzerki konpainiaren sortzailea arituko da, eta bertatik bertara kontatuko dizkigu bere abentura eta gora-beherak.

 

 


PROGRAMAREN GAINEKO IRUZKINAK

 

“Antzinako musika” deiturikoa Europa guztiko musikaldien programazioko protagonista izaten hasi zenetik, XX. mendeko 60ko hamarkadaz geroztik alegia, konpositore eta lanen inguruko ikerlanek zabalagotu egin dituzte –eta zabalagotzen segitzen dute– interpreteen eta entzuleen ikuspegiak.  Bach, Händel, Vivaldi eta garai horretako beste hainbat  konpositoreren lanen exekuzio beti hunkigarri eta iradokitzaileez gainera, sarritan entzulearengan eragin emozionala sortu nahi baitute, kontrastea arakatzeaz eta eszenaratze originalez gainera, programazio berriek bide ematen digute garai hartako musikaren dibertsitate osoa ezagutzeko. Mendeak igaro eta denbora luze horretan gertatutako hainbat gorabeheraren ondoren, ahaztutako artista eta musika lanek beren interesa eta edertasuna berreskuratzen dituzte, interprete, ikertzaile eta zabalkunde proposamen berritzaileak direla medio.

“Ahaztu” eta, zorionez, “berreskuratu” horien artean, Barrokoko emakume konpositoreek merezi dute haien lanak guztiok aztertu, aitortu eta gozatzea. Harrigarria bada ere, Les Sylvains-en eta Lucía Caihuela eta Manuel Minguillón-en kontzertuetako protagonista diren bi konpositoreak, Francesca Caccini (1587-1641) eta Barbara Strozzi (1619-1677), ospetsuak izan ziren beren bizi denboran, eta garai hartako pertsona itzaltsuenei aurkeztu zizkieten beren konposizioak, baina geroago erabat ahazturik gertatu ziren duela oso urte gutxi arte. Konpositore horietako lehenengoa Giulio Cacciniren alaba zen (c. 1550-1618). Konpositore eta kantari birtuoso honek musikaren historia irauli egin zuen Medicitarren Florentzian, haren ekarpena erabakigarria izan baitzen Barroko musikalaren sorrera ekarri zuen monodia akonpainatuaren asmaketan. Francescak hezkuntza humanistiko oso-osoa jaso zuen eta haurra zenetik nabarmendu zen bere ahotsaz eta talentuaz, hamahiru urte bakarrik zituenean agertu baitzituen Frantziako Enrike IV.aren eta Maria de Mediciren arteko ezteietan.  Florentzian musika ikastegi bat zuzentzeaz gainera, kanta ugari konposatu zituen, bai eta emakume batek egindako lehenengo opera ere: “La liberazione di Ruggiero”.

Barbara Strozzi konpositore veneziarra, zeinaren jaiotzaren laugarren mendeurrena ospatzen baitugu aurten, lehenengo Barroko italiarreko madrigal, kantata eta aria konpositore eta interpreteen bigarren belaunaldikoa izan zen. Bere aita Giulio Strozzi poeta eta antzerkigilearengandik erudiziozko hezkuntza hartu zuen. Cavallirekin ikasi eta Monteverdiren estilo dramatikoarekin trebatu ondoren, Barbarak aurkitu zuen musikak testuko sentimenduak transmititzeko eta interpreteak eta entzuleak hitz eta lerro bakoitzeko hunkidura sakonenetara eramateko duen ahalmena. Nahigabearen eta giza grinak adierazten maisua zen, eta berak kantatzen zituen bere lan asko, tesitura zorrotzeko ahotsaren ñabardura espresibo guztiak arakatzeko asmatuak. Argitara eman zituen zortzi madrigal, kantata, aria eta duetto liburuak, XVII. mende guztian Europan zehar ibili zirenak, guztiz garrantzitsuak izan ziren, eta nekez berdintzen ditu haren garaiko edozein konpositorek.

 

Azken hamarkada hauetan egin diren azterlan musikologikoak laguntzen ari dira hainbat konpositore ezagut ditzagun, bere garaian garrantzi handikoak izan zirenak eta, Francesca Caccini eta Barbara Strozzi bezala, berreskuratu eta beren merezimenduen arabera balioztatu behar direnak. Kanthoria taldeko kideek oso kontzertu programa interesgarrian bildu dituzte XVIII. mendeko euskal konpositore nagusietako biren lanak: Joakin Ojinaga (1719-1789), zeinaren jaiotzaren hirugarren mendeurrena baita aurten, eta Juan Andres Lonbide (1745-1811), biak tekla-musikari emanak (klabea eta organoa).

Joakin Ojinaga bere jaioterritik, Bilbotik alegia, Madrilera aldatu zen José de Nebra maisu handiarekin organoa ikasteko. Madrilgo Gizakundearen Errege Komentuko organista postuan jardun ondoren, Errege Kaperan aritu zen 1750 arte, urte hartan Toledoko katedraleko organista izendatu baitzuten. Postu horretan jardun zuen hil zen arte.  Aita López Calok aztertu eta Eusko Ikaskuntzarekin argitara eman zituen, 1989an, gaur egun gordetzen diren Ojinagaren lan bakanak. Kanthoria taldeak klabeaz emango ditu, eta ganbera musikako egokitzapenetan jatorrizko musika-tresnekin.

Ojinagarekin, baita Bachekin eta Scarlattirekin ere, programa partekatuko duen beste euskal konpositorea Jose Andres Lonbide da, Gipuzkoako Elgetakoa. Bera ere organista aritu zen, Ojinagaren pausoei jarraituz, eta Madrilgo eta Toledoko katedraleko postuetarako lehiatu zen, baina lortu zuen lehenengo postua Bilboko katedraleko organistarena izan zen. Garrantzi handiagoko postuak eskuratu nahian, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko partaide izan zen, eta 1772an “bazkide irakasle” moduan onartua izan zen, biolin eta klaberako sonata bilduma bat aurkeztuta. Oviedoko katedralean jardun zuen eta, azkenean, Gizakundearen Monasterioko organista postua lortu zuen.

 

Oso desberdina baina orobat iradokitzailea dugu Musbika Ensemblek eskaintzen duen programa, gonbidatzen diguna munduaren inguruan bidaia egitera munduko itsasgizon handienetako baten ontzian: Antonio Gaztañeta (1656-1728). Haren bizipenak Kukubiltxo antzerki taldearen sortzailea den Josu Camarak dramatizatu ditu. Gaztañeta hamabi urterekin irten zen bere jaioterritik, Mutrikutik alegia, itsaso zabalak zeharkatzeko hainbat bidaia eta espediziotan. Espainiako XVII. mendeko nabigazio trataturik garrantzitsuena idatzi zuen, “Norte de la Navegación” izenekoa, eta garrantzizko berrikuntzak sartu zituen nautika espainolean, besteak beste, itsasontzien formari eta tamainari buruzkoak, Holanda, Frantzia eta Ingalaterrako gerra itsasontzien funtzionamendua sakonean ezagutu ondoren. Hortaz, Gaztañetak XVIII. mendeko Espainiako itsasontzi arkitekturaren oinarriak ezarri zituen.

Zer musika eta zer instrumentu entzun ote zuen Gaztañetak, porturatu zen leku guztietan? Zalantzarik gabe, bete-beteko musika barroko europarra baina, baita ere, musika amerikarra, hainbat aldiz bisitatu zituen Mendebaldeko Indietakoa eta, jakina, gauza segurua da berekin eraman zuela garai hartan haren herrian kantatu eta dantzatzen zen musikaren oroitzapena.

 

 



ERABATEKO PROGRAMA - XXXVII.ARABAKO AINTZINAKO MUSIKA ASTEA